XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Laugarren xede bat ere bazuten: Frantziaren babesa hango buruzagiei eskaini nahi zieten protectorat moduan.

Hor lehian gertatuko dira ingelesekin.

Egiptoan gaindi ere ibili ziren, Adenetik pasa bi aldiz: portu horretan ingeles gobernadore batekin arazoak ukan zituen Antoinek, frantses barrandari-espioia zelakoan; izkutuan egon behar izan zuen, gero ixilpean ihes egiteko.

Ekialdea 1848 ondarrean utziko dute bi anaiek.

Etiopiako handiki batzuekin harremanetan egon dira eta berantago printze gazte batekin ezagutzak eginen dituzte: hura da Menelik, Etiopiaren batasuna eginen duena berriz (1844-1913: 1889-an errege).

V. ANTOINE D'ABBADIE URRUÑAN (1849-1870)

1849-an Lapurdin ohatuko dira Etiopiaren bi exploratzaileak: Arnauld Ziburun, Antoine Urruñako Aragorrian, gero Hendaiako udalerrira pasako den ontasun batean.

Baina hori erosi aintzin, egonaldi labur bat egiten du Adauseko bere jauregian.

1/ Ikerketa txangoak egiten ditu munduan zehar: Jerusalemen (1850), Noruegan (1851), Espainian (1860), Aljerian (1867)...

2/ 1852-an Frantziako Académie des Sciences delakoan hautatzen dute urgazle (membre correspondant).

3/ Euskal Jaiak sortzen ditu Abadiak Urruñan, 1851-an pilotarekin, 1853-an lore jokoez aberastuko ditu, bereiziki olerki lehia batekin, horretan parte hartzen duela Etxahunek.

Hameka urtez Urruñan jokatuko dituzte (1853-1863), gero beste hamabiez Saran (18541876), 1870.a hutsik utziz, eta hortik aurrera toki desberdinetan, mugaren bi aldeetan (haietan beste lau aldiz Saran).

Euskal joko guziak hor sartzen ziren, Irabazleak bere diruz saristatzen zituen Antoine d'Abbadiek, parte on batean bederen: Aita Abadia deitzen zuten, edo Euskaldunen Aita.

4/ Parisekiko harremanak errezten dizkio treinak: hau Baionara heltzen da 1855ean, Hendaiara 1864-eko apirilan, Irunera ber urteko abuztuan.

5/ 1856-an galdu zuen Ûrrûstoiko Egûzama, Maria-Maitena, aitaren arreba gehiena, eta hilarrian ipini zion hilartitz eder bat Zuberoako euskaraz.

6/ Louis-Lucien BONAPARTE printzearen euskal ikerketak urgatziko ditu (1856-1869), ingeles linguista harek zazpi Euskal-herrietan eginen zituen bost itzulietan: eta bereiziki laguntzaileak aurkituren zizkion eskualde guzietan: Duvoisin, Inchauspe, Archu, Etxenike, Otaegi, Uriarte... Charles d'Abbadiek ere parte hartzen du, Baigorri Etxauzeko bere jauregian idazle horietatik batzuk bilduz,

7/ Bere lumaz baliatu zen Antoine euskararen alde, hala nola bere Travaux récents sur la langue basque delakoan (1859).

Euskaraz ere idatzi ukan du, guti bada guti, adibidez Zubernoatikako gutun bat, lapurtera ederrean.

Baina horrek ez du euskal gairik aipu: egin beharra den bide batez ari zaio Urruñako udal kontseiluari.

8/ 1859-an galdu zuen Augustin Chaho adiskidea.

Urte horretan ezkondu zen Antoine, Virginie de Saint-Bonnet anderearekin (1828-1901). Dauphiné aldekoa zen hau.

9/ Ber urtean, Adauseko jauregia saldu zion Charles anai gaztearen emazteari, Aragorrian beste jauregi baten eraikitzeko (hura date, berantago, Hendaiako Abbadia).

10/ Ber urtean oraino, Magentako gudukan ari izan zen Abdullah, Etiopiatik askatuta oso gazterik ekarria zuen esklabo ohia.